XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hatsarrean, Kaosa izan zen. Gero, Gea, bular zabalekoa, Olinpoko tontor elurtuan bizi diren Hilezkor guztien egoitza ziurra.

Eta azkena, Eros, jainko hilezkorren artean ederrena, gorputzadarrak laxatu eta jainko zein gizaki guztien bihotza eta borondate zuhurra bere bularretara erakartzen dituena.

Kaosetik Erebo eta Gau beltza sortu ziren. Era berean, Gauetik Eterra eta Eguna jaio ziren.

Geak, lehenbizi, neurri berdintsuko Urano izartsuaz erdi zen, alde guztietatik euts ziezaion eta horrela, jainko-jainkosa zoriontsuen betiko egoitza ziurra izan zedin... Gero, Uranorekin bat eginda, Ozeano korronte sakonekoa, Zeo, Hiperion, Rea (...) sortu zituen.

Haien ondoren, gazteena jaio zen, Kronos, buru bihurrikoa, semeetan beldurgarriena, eta gorroto bizia hartu zion aitari.

Izpiritu harrodun Ziklopeak ere ekarri zituen mundura. (...) Ziklopeak jainko-jainkosen berdinak ziren, baina begi bakarra zuten bekoki erdian. Gea eta Uranorengandik jaio ziren guztiak, seme-alaba beldurgarrienak, aitarekin haserre zeuden betidanik.

Eta bat jaiotzear zegoen bakoitzean, Uranok Gearen barruan gordetzen zituen guztiak, ezkutuan, argitara irteten utzi gabe; eta gozatu egiten zuen ekintza gaizto horretaz, isekari.

Gea izugarria, lehertzear, kexu zen bere baitan eta azpijoko ankerra asmatu zuen.

Altzairu distiratsua eginez, sekulako igitaia landu zuen eta asmoa azaldu zien seme-alabei (...) Ikarak menderatu zituen seme-alaba guztiak eta inortxo ere ez zen hitz egiten ausartu. Baina buru bihurriko Kronos boteretsuak, adorez beterik, hitz hauekin erantzun zion ama zuhurrari:

Ama, gure aita gorrotagarriari errukirik ez diodanez, neuk egin nezake lan hori, zin dagizut; azken finean, aita izan zen ekintza higuingarriak egiten aurrena.

Gea izugarriaren bihotza asko poztu zen eta isilean, ezkutuan, zelatan jarri zuen semea, Uranoren zain. Hortz zorrotzeko igitaia jarri zion eskuetan semeari eta ezin hobeki estali zuen amarrua.

Etorri zen Urano boteretsua gauaren gidari. Maitasun-irrikaz lur gainean etzan eta toki guztietara hedatu zen.

Semea, orduan, gordelekutik atera zen; ezkerreko eskuaz aita harrapatzea lortu zuen, eta eskuinekoan igitai miresgarri, ikaragarri eta hortz zorrotzekoa zuela, genitalak moztu zizkion aitari.

Ondoren, airean jaurtiki (...) eta itsasoak eraman zituen luzaroan. Inguruan apar zuri bat agertu zitzaien eta aparraren erdian dontzeila bat jaio zen (...) Jainkosa ohoragarri eta ederra irten zen itsasotik. Jainkoek eta gizakiek orok Afrodita deitu zioten, aparraren erditik jaioa zelako.